Google Drive-ren Zerbitzu-baldintza gehigarriak

Indarraldiaren hasiera-data: 2020ko martxoaren 31 (ikusi aurreko bertsioa)

Google Drive erabiltzeko, (1) Google-ren Zerbitzu-baldintzak eta (2) Google Drive-ren Zerbitzu-baldintza gehigarriak onartu behar dituzu ("Google Drive-ren Baldintza gehigarriak").

Irakurri kontuz dokumentu hauek. Guztiak batera, "Baldintzak" gisa ezagutzen dira dokumentuok, eta gure zerbitzuak erabiltzean gugandik zer espero dezakezun ezartzen dute, baita guk zugandik zer espero dugun ere.

Baldintza hauen parte ez izan arren, Pribatutasun-gidalerroak irakurtzea gomendatzen dizugu, hobeto uler ditzazun informazioa eguneratu, kudeatu, esportatu eta ezabatzeko argibideak.

1. Zure edukia

Google Drive-k edukia kargatzeko, bidaltzeko, biltegiratzeko, partekatzeko edo jasotzeko baimena ematen dizu. Google-ren Zerbitzu-baldintzetan azaldu bezala, zure edukiak zeurea izaten jarraituko du. Ez dugu erreklamatzen zure edukiaren inolako jabetzarik. Zure edukia da Drive-ko kontuan kargatzen, partekatzen edo biltegiratzen den testu, datu, informazio edo fitxategi oro. Google-ren Zerbitzu-baldintzek lizentzia ematen diote Google-ri Google Drive-ko zerbitzuak erabiltzeko eta hobetzeko. Aukera hori eskaintzen dizugu norbaitekin dokumentu bat partekatzean edo beste gailu batean irekitzean.

Era berean, Google Drive-ko beste erabiltzaile batzuen edukian elkarlanean jarduteko baimena ematen dizu Google Drive-k. Edukiaren jabeak kontrolatzen du edukia eta haren erabilera.

Google Drive-ren partekatze-ezarpenei esker, beste erabiltzaile batzuek Google Drive-ko zure edukian egiten dutena kontrola dezakezu. Fitxategien pribatutasun-ezarpenak kokatuta dauden karpetaren edo unitatearen araberakoak dira. Banako unitatean dauden fitxategiak pribatuak dira partekatzen dituzun arte. Edukia parteka dezakezu, eta haren kontrola beste erabiltzaile batzuei transferi diezaiekezu. Beste erabiltzaile batzuek partekatutako karpeta nahiz unitateetan sortzen dituzun fitxategiek partekatze-ezarpen berak izango dituzte. Baliteke kokatuta dauden karpetaren edo unitatearen jabetza-ezarpenak ere izatea. Ez ditugu partekatuko zure fitxategiak eta datuak beste batzuekin, Pribatutasun-gidalerroetan azaldutako kasuetan izan ezik.

Ez dugu erabiliko zure edukia marketinerako edo promozio-kanpainetarako.

2. Programa-gidalerroak

Agian edukia berrikusiko dugu, legez kanpokoa den edo gure programa-gidalerroak urratzen dituen zehazteko. Baliteke legeak edo gure gidalerroak argiro urratzen dituen edukia kentzea, edo hura bistaratzeari uko egitea. Baina horrek ez du zertan esan nahi edukia berrikusiko dugunik; beraz, ez hartu ziurtzat berrikusiko dugunik.